Bitor Garitaonandia "sentsazio onekin" bueltatu da lehiara

Berriketan 2025ko mai. 6a, 09:54

Sendatzeko prozesua arrakastaz amaitu ostean, apirilaren 15etik 19era Lisboan (Portugal) jokatutako Caparica Surf Fest txapelketan parte hartzeko aukera izan du Bitor Garitaonandiak.

Surflari debarra aldakatik operatu zuten abenduan eta aurreikuspen guztiak gainditu ditu Challenger Series zirkuituko azken probara iritsita. Bere mailarik onena ematen saiatu bazen ere, ezin izan zuen 32 surflari onenen kanporaketa gainditu eta sailkapen orokorreko 17. postuan amaitu zuen proba. "Gutxigatik (0,24 puntu) ez nuen lortu hurrengo faserako txartela", azaldu du Garitaonandiak.

Europako sailkapenean 30. postuan amaitu du denboraldia eta, hortaz, ezingo du mundu mailako hurrengo zirkuituan parte hartu. Aitortu duenez, "ez dut helburu nagusia lortu, baina pozik nago. Lesioa osatzeko denbora behar nuen eta niretzat lorpen handia izan da lau hilabetean onenen artean lehiatu ahal izatea".

Uztailean abiatuko da denboraldi berria eta ordurako mailarik onena berreskuratzea du helburu. Izan ere, Europako surflari onenen artean egon nahi du, "berriz ere Challenger Series txapelketarako sailkatzeko".