Rouhaifa Kassem artista palestinarraren erakusketa ikusteko aukera izango da maiatzaren 1etik 4ra Deban

Berriketan 2025ko api. 30a, 12:00

Udaletxeko bilkura aretoan egongo da ikusgai Deba-Palestina herri ekimenak antolatuko margolan erakusketa.

Bihar (maiatzak 1), 12:30ean inauguratuko dute erakusketa, Berrizen bizi den artista bertan dela. Deba-Palestina herri ekimeneko kideek adierazi dutenez, bertaratuek "Libanoko errefuxiatu eremuetan jaiotako artistaren lanei eta bizipenei buruzko azalpenak entzuteko aukera izango dute". Ondoren, luntx bat eskainiko da.

Artista palestinarrak hainbat herrialdetan aurkeztu ditu bere lanak, eta Deban ikusgai izango diren margolan espresionistek eta abstraktuek ere Palestinako errealitatea jorratzen dutela esan dute antolatzaileek. "Erakusketak Palestinako borroka eta kultur aberastasunean murgiltzera gonbidatzen gaitu, erresistentzia, identitatea eta itxaropena bezalako gaiak arakatuz. Bere lanek sufrimendua ez ezik, herri palestinarraren sendotasuna eta gainditzeko espiritua ere erakusten digute zoritxarreko testuinguru batean".

Rouhaifa Kassem Debako erakusketan ikusgai izango diren margolan batzuekin. Arg.: Rouhaifa Kassem.
 
Erakusketa maiatzaren 4ra arte dago zabalik, honako ordutegian: goizetan, 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldetan, 18:00etatik 20:00etara. Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte bertaratzera. "Animatu eta hurbildu artista honen koadroak ikustera".