Apirilaren 30ean izango da urteko bigarren odol-ematea

Berriketan 2025ko api. 28a, 10:03

Arg.: Aiurri

Azken hilabeteetan bezala, ezinbestekoa izango da hitzordua hartzea.

Debako Odol Emaileen Elkarteak odola emateko urteko bigarren saioa antolatu du eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu ditu. Saioa asteazkenean (apirilak 30) izango da, Luzaro ikastetxean, 16:30etik 20:30era.

Odol emaileen elkartetik gogorarazi dutenez, ez da aparteko baldintzarik bete behar odola emateko. Are gehiago, bertan lanean ariko diren osasungintzako profesionalek babes neurri guztiak hartuko dituztela gogorarazi dute; beraz, jendeari "lasai hurbiltzeko" eskatu diote.

Hitzordua eskatzeko bideak

Antolakuntza lanak errazteko, beharrezkoa da aldez aurretik hitzordua hartzea. Horretarako, bi aukera daude. Alde batetik, gotatanta.eus webgunean sartuta eman daiteke izena. Debako kasuan, ostiralean (apirilak 25) zabaldu zuten hitzordua eskatzeko epea eta gaur (apirilak 28) itxiko dutela iragarri dute.

Bestetik, Whatsapp bidez ere eska daiteke txanda, 623 91 23 03 zenbakira idatzita. Biharkoa (apirilak 29) izango da horretarako azken eguna.