Apirilaren 23an amaituko da Emakumea* Surflari ikastaroan izena emateko epea

Berriketan 2025ko api. 16a, 10:58

Ikastaroa apirilaren 28tik ekainaren 15era bitartean eskainiko da. Udalak gogorarazi bezala, "kirola, ikaskuntza, gozamena eta itsasoarekiko lotura uztartzen ditu, ikuspegi feministatik autonomia eta elkartasuna sustatuz".

Emakumea* Surflari ikastaroa Debara iritsiko da apirilaren amaieran. Emakumeei zuzenduriko proiektu honek surf egiten irakastea baino harago doan helburua dauka; "ikasteko, ahalduntzeko eta taldeka gozatzeko espazioa eskaini nahi du", adierazi dute udal iturriek. Apirilaren 28tik ekainaren 15era bitartean egingo da ikastaroa, Debako hondartzan.

Antolatzaileen esanetan, ekimen honek "itsasoarekin harremana sendotzeko, gorputz-autonomia bultzatzeko eta tokiko sare feministaren parte izateko aukera eskaintzen die parte-hartzaileei. Izan ere, ikastaroak ez du soilik surfaren ikaskuntza teknikoa helburu, elkar-zaintza, ingurumenarekiko kontzientzia eta ongizate emozional eta kolektiboa ere lantzen baititu".

Ikastaroak bi mailatan egituratuta daude (hastapena eta aurreratua), eta bi orduko saioak izango dira; astelehenetan (2. maila) eta astearteetan (1. maila), 17:00etatik 19:00etara. Talde bakoitza 5 eta 6 parte-hartzaileren artean osatuko da; horietako 4 pertsonek, gutxienez, Debakoak izan behar dute. Era berean, parte-hartzaile guztiak 16 urtetik gorakoak izan beharko dira. Gogorarazi dute, halaber, bakoitzak bere neoprenoa ekarri beharko duela, eta maila aurreratuan, gainera, surf taula egokia ere beharko dutela.

Ikastaroaren kostua 167 eurokoa da, asegurua barne. Era berean, langabezian dauden emakumeentzat, 55 urtetik gorakoentzat edo egoera ahulean daudenentzat deskontuak eskainiko dira, zenbait kasutan ikastaroa guztiz doakoa izatera iritsiz.

Interesdunek apirilaren 7tik 23ra eman ahal izango dute izena, Debako Turismo Bulegoan izen-emate orria eta ordainketa-agiria aurkeztuz. Nahi duenak telefonoz ere egin dezake izen-ematea (943 19 24 52 deituz), baita turismoa@deba.eus helbidera idatziz ere.

Informazio gehiagorako, www.emakumeasurflari.eus webgunea bisita daiteke.