Gipuzkoako Pilota Federazioak aurkeztu du jada Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Aurreko urteetan legez, pilotariak lau modalitatetan ariko dira lurraldeko herri txapelaren bila: esku-pilota, gomazko paleta, larruzko paleta eta zesta-punta. Euskal Jolas Kirol Elkarteko kirolariek ere parte hartuko dute txapelketan; zehazki, bi modalitatetan ariko dira: larruzko paletan eta gomazko paletan.
Dagoeneko zehaztuta dago egutegia. Martxan hasiko den lehen txapelketa gomazko paletakoa izango da. Maiatzaren 4an jokatuko da lehen kanporaketa. Bertan, hamalau herri ariko dira lehian. Honakoak izango dira Debaren aurkariak: Aia, Andoain, Astigarraga, Azkoitia, Donostia, Hernani, Lasarte-Oria, Mutriku, Oiartzun, Tolosa, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga.
Larruzko paletako txapelketa, berriz, astebete beranduago hasiko da bidea egiten. Guztira, sei herrik izena eman dute: Debak, Andoainek, Azpeitiak, Donostiak, Errenteriak eta Ordiziak. Iragarri dutenez, lehen jardunaldian Aldats pilotalekuan jokatuko den norgehiagokan Azpeitia izango du parez pare herriko taldeak.