Bihar (apirilak 12) Markeliñe antzerki taldeak Art-Ilusio kale ikuskizun interaktiboa eskainiko du 17:30etik aurrera. Ikusleek, eta bereziki haurrek, protagonismo bizia izango dute emanaldian, bertan zuzenean parte hartzeko aukera izango baitute.
Greta izeneko adineko emakume irakurleak eta haren bihotz taupadekin martxan jartzen den makinak mundu magiko bat sortzen dute Art-ilusio obran, liburu eta ipuin klasikoetako egoera eta pertsonaiekin harremanetan jarriz.
Halaxe murgilduko dira ikus-entzuleak Moby Dick-en, Txanogorritxo-ren, On Kixote-ren eta Frankenstein-en istorioetan. Aktoreek objektu eta material sinpleak baliatzen dituzte beste esanahi batzuk eman eta irudimenez betetako egoera harrigarriak sortzeko.
Markeliñeko sortzaileen proposamena publikoa entretenitzetik harago doa: "Haurtzarotik liburuarekin harreman fisikoa eta egunerokoa izatea oso ona da; irakurri daiteke entzunez, usainduz, haztatuz edo liburuarekin jolastuz, baita antzerkia eginez ere".
Ikuskizuna Foruen Plazan izango da, 17:30ean; euria eginez gero, Aldats pilotalekuan.