Kulunkako 60 dantzarik parte hartuko dute barra klasikoaren erakustaldian

Berriketan 2025ko api. 10a, 09:18

Larunbat eguerdian (12:30ean) izango da Dantzaren Nazioarteko Egunaren bueltan urtero ibaiaren alboko pasealekuan egiten duten emanaldi berezia. Euria eginez gero, elizako klaustroan ariko dira dantzariak.

Kulunka dantza eskolako 9 urtetik gorako 60 dantzarik barra klasikoaren erakustaldia egingo dute etzi (apirilak 12). 12:30ean jarri dute hitzordua, ibaiaren alboan; eguraldi kaskarra egingo balu, klaustroan. Ordu-erdiko iraupena izango du.

Alaitz Izaga Kulunka taldeko zuzendari eta irakasleak azaldu bezala, dantzariek eskolan egiten duten lanaren lagin bat erakutsiko dute emanaldian. "Barra klasikoaren erakustaldia egingo dugu. Balleteko eguneroko klaseetan egiten edo lantzen dugun lehengo zatia da barra klasikoa eta teknika lantzeko erabiltzen da. 13 ariketa izango dira guztira, denak jarraian; ariketaren zailtasuna mailaren eta adinaren araberakoa izango da. Zazpi taldetan banatuta ariko dira dantzariak". 

Dantzaren Nazioarteko Eguna apirilaren 29an den arren, Kulunkako kideek etziko emanaldiarekin ospatuko dute. Dagoeneko urteroko hitzordu bihurtu da barra klasikoaren erakustaldia. Izan ere, Izagak aipatu bezala, Kulunka sortu zenetik urtero egiten baitute. Aurtengoa hamabigarren aldia izango da.

Hitzordua iragartzeko kartel berezia prestatu dute, beste behin ere. Goizane Galindez dantzaria da aurtengo protagonista eta argazkia Igor Barojarena da.