Bizikletaz Adinik Ez ekimena Debara iritsiko da bihar

Berriketan 2025ko api. 9a, 11:00

Arg.: Txintxarri aldizkaria

Eguneko Zentroko bost erabiltzailek trizikloan paseatzeko aukera izango dute, 11:00etatik aurrera.

Udalak jakinarazi du bihar (apirilak 10) goizean Bizikletaz Adinik Ez irabazi-asmorik gabeko elkarteko kideak Deban izango direla, Eguneko Zentroko adinekoen artean mugikortasuna eta interakzio soziala sustatzeko helburuz.

Bizikletaz Adinik Ez (BAE) elkartea Donostian sortu zen 2017an. Herritarren parte-hartzearen, belaunaldien arteko lankidetzaren eta hiri-mugikortasun jasangarriaren bidez pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da egitasmoaren funtsa. Adinekoek zein aniztasun funtzionala duten pertsonek ere bizikleta gainean ibiltzeko plazeraz gozatzea nahi dute, eta zerbitzu hori eman ahal izateko sortu zuten egitasmoa. 

Bihar beren jarduna ezagutzeko aukera izango da Deban eta Eguneko Zentroko bost erabiltzailek triziklo ibilaldi gidatuaz gozatzeko aukera izango dute, 11:00etatik aurrera. Udalak azaldu bezala, ibilbidea parte-hartzaileen beharretara egokituta egongo da eta erabiltzaile bakoitzak elkarteko boluntario bat eta zentroko monitore bat izango ditu lagun, eta haiek izango dira bere erosotasuna eta segurtasuna bermatzeaz arduratuko direnak. "Irteera hauek ez dute soilik adinekoen mugikortasuna hobetzen, elkarrizketak, esperientzien trukea eta lotura komunitarioak indartzen ere laguntzen dute", nabarmendu dute.