30 bat haurrek parte hartu zuten Debako Kontalarien azken saioan

Berriketan 2025ko api. 7a, 10:21

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, taldea sortu zenetik udal liburutegian egiten duten lehen emanaldia izan zen asteazkenekoa (apirilak 2); "gustura" hartu dute espazio aldaketa.

Aurreko asteazkenean Haur eta Gazte Literaturaren Nazioarteko Eguna ospatu zen eta ipuin kontaketa saio berezia eskaini zuten Debako Kontalariek. Ispiluen gelan elkartu ordez, Ostolaza udal liburutegian jarri zuten hitzordua eta, nabarmendu dutenez, "gustura" hartu dute espazio berria. Haurren liburutegian egin duten lehen emanaldia izan da. "12 urte hauetan ez dugu inoiz kontaketarik egin bertan", zehaztu dute.

Ekimenari buruzko balorazio positiboa egin dute. "30 haur inguru gerturatu ziren gure kontaketara eta adi, lasai eta parte-hartzaile egon ziren ia ordubetez. Edukiera dela eta, eta gurasoak ezin zirenez aretora sartu, zenbait helduren laguntza izan genuen haurren eskaerak asetzeko".

"Hiru ipuin kontatu genituen eta, esku jolasak egin ondoren, haur guztiekin hizkien aldeko manifestu bat irakurri genuen eta bertaratutako guztiok sinatu genuen, irakurtzeko eta idazteko grina suspertzeko asmoz", aipatu dute. Azkenik, eskerrak eman dizkiete laguntza ematera gerturatu ziren helduei, baita liburuzainei ere, "beren prestutasunagatik".