Eider Aldalurren 'Kentzetik gehitzera: metalak metatzen' artikulua Elhuyar aldizkarian

Izaro Aulestiarte 2025eko apirilaren 1a

Elhuyar aldizkariaren 357. zenbakian argitaratu dute Eider Aldalur Urresti Tecnaliako ikertzaile lasturtarraren artikulua, Gai librean atalean. Paperean ez ezik, Internet bidez ere irakurgai dago jadanik.

Kentzetik gehitzera: metalak metatzen izenburupean ikusi du argia Elhuyar aldizkarian Eider Aldalurren artikuluak. Debarra Ingeniaritza Mekanikoan doktorea da eta Tecnalia ikerketa zentroan ari da lanean azken zazpi urteotan; soldadurako eta fabrikazio-gehigarriko prozesuak aztertzen aritzen da, batez ere beren robotizazioan eta
automatizazioan zentratuz.

Egileak berak hitz hauekin laburbildu du bere artikuluaren muina: "Historian zehar, fabrikazio-teknologiak eta industria, oro har, garatzen joan dira, gaur egun mundu mailan metalen industriaren zutabe nagusiak diren galdaketa-, konformazio- eta mekanizazio-teknologietara iritsi arte. Azken urteetako aurrerapen teknologikoei esker, fabrikazio-teknologia berritzaile bat gaineratu behar zaio zerrenda horri: fabrikazio gehigarria".

Aldalurrek gaia hizpide izan zuen iaz Deban estreinakoz antolatutako Baso Bete Zientzia jardunaldien baitan eman zuen hitzaldian.