Inauteriak 2025 - Deba-Itziar

Azken txanpan dira inauteriak

Berriketan 2025eko martxoaren 4a

Gaur (martxoak 4) emango zaie amaiera aurtengo inauteriei, baina arratsaldean egongo da oraindik ere aisialdian ondo pasatzeko aukerarik. Nerabeen Talent Showa izango da Aldats pilotalekuan eta txokolate-jana egingo dute Arbil elkartean.

Beste urte batez, Gaztelekuak antolatutako Talent Showa ikusteko aukera izango da gaur arratsaldean. Ikuskizuna 17:00etan hasiko da, Aldats pilotalekuan, eta bertan parte hartzen duten gazteek musika, dantza, antzerki edota akrobazia erakustaldiak egingo dituzte bertaratzen direnen aurrean. Iragarri dutenez, gainera, hiru sari egongo dira jokoan; ikuskizun onenaren saria, mozorro originalenari eskainitako saria eta DBHko saria banatuko dituzte. 

Ordubete beranduago, 18:00etan, txokolatada egingo dute Arbil Elkarte Sozialeko kideek.

Gazteei eta adinekoei zuzendutako bi ekimen horiekin emango zaie amaiera aurtengo inauterietako jarduerei.