Debako kaleak lapiko eta zartagin hotsez beteko dituzte bihar kaldereroek

Berriketan 2025ko ots. 21a, 09:53

Antolatzaileek kaldereroz janztera eta herriko kaleak doinuz betetzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Bihar (otsailak 22) iluntzean iritsiko dira kaldereroak Debara inauteriak datozela iragartzera. Ekitaldian parte hartuko dutenak Agirre jauregiko plazan bilduko dira 19:00etan, eta ordu erdi beranduago emango diote hasiera kalejirari. Antolatzaileek kaldereroz janztera eta zartagina eta mailua eramatera animatu dituzte herritarrak.

Kaleetan barrena abiatu ostean, ohi bezala, hiru geldiune egingo dituzte; zingaroen karroak, erregina eta hartza lagun, umorez beteriko pregoiak, kaldereroen ohiko abestiak eta erritmoz beteriko dantzak izango dira nagusi. Lehenengo bi geldiuneak Berasaluze plazan eta Plaza Zaharrean izango dira (pregoia, abestiak eta dantzak eskainiko dituzte), hurrenez hurren. Azken geldiunea, berriz, kanpaleku nagusia jarritako tokian egingo dute, Foruen Plazan (bertan egingo da emanaldi nagusia).

 

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!