ELKARRIZKETA

Petti: "Osasunarentzat gauza gutxi dago hoberik oholtza batera igo eta nahi duzuna egin ahal izatea baino"

Berriketan 2025ko ots. 10a, 09:41

Arg.: Gararock

Larunbatean (otsailak 15) Deban izango da Juan Luis Perez Mitxelena, Petti ezizenez ezaguna den musikaria (Bera, 1973). Kontzertu akustikoa emango du, bakarka, Kultur Elkartean (20:00etatik aurrera). Hitzordua aitzakia hartuta, bere ibilbide artistikoaz eta beste zenbait kontuz mintzatu da elkarrizketan.

Beratarra oso gazte murgildu zen musikagintzan. 16 urte zituen bere herriko Noise Hole taldean hasi zenean, eta geroztik beste hamaika proiektu eta saltsatan sartuta ibili da. Berriketan-i azaldutakoaren arabera, taldearekin zuzeneko disko bat grabatzen dabil orain, baita estudioko lan bat prestatzen ere, besteak beste. KulturEkin egitasmoaren baitan Deban eskainiko duen zuzenekoan, aldiz, bakarrik igoko da oholtzara. Gitarra akustikoa lagun, orain arteko ibilbide musikal luze eta oparoaren lagin bat erakustera dator Kultur Elkartera. Dagoeneko salgai daude kontzerturako sarrerak.

Kontzertuz kontzertu zabiltza azkenaldian. Zer nolako zuzenekoa eskainiko duzu Deban?

Ordu eta laurden inguruko emanaldia izango da. Bertan, nire diskoetako kantekin eta bertsioekin osaturiko errepertorioa jotzeko asmoa dut. Folk-bluesa eta rocka nahastuko ditut gitarra akustiko baina elektrifikatuekin, hainbat soinu-efektu sortzen dituzten pedalen laguntzaz. 

Izango da oraindik ezagutzen ez zaituenik ere, Petti. Zer esango zenieke emanaldira anima daitezen? 

Ez dut uste nire burua saltzeko egokiena naizenik, baina bluesa maite duenak gustura entzuten du nik euskaraz egiten dudana. Springsteen, Johnny Cash, Mark Lanegan, Laboa edo Ruper bezalako kantariak maite badituzu, nik egiten dudana ere gustura entzungo duzu agian. Gitarra lantzeko modu berezia erabiltzeko joera ere badaukat, afinazio arraroekin, eta kantu melodiko zein esperimentalak jorratzea ere gustuko dut.

Bakarlari gisa etorriko zara Debara, baina beste batzuetan taldean aritzen zara. Artista bezala zer ematen dizu bakoitzak?

Taldearekin kantu rockeroagoak jotzen ditut, elektrikoak gehienbat; areto handietan jotzeko aproposagoak dira. Bakarka, aldiz, alde akustikoagoa lantzen dut; entzulearekin konexio handiagoa duela iruditzen zait, hurbiltasunarengatik. Egia esan, bakarka aritzean askoz ere libreago sentitzen naiz, eta gehiago inprobisatzen dut. Taldean, dena prestatuta egoten da; bakarka, ordea, ez da beharrezkoa eskema jakin bati jarraitzea, eta, entzulearen erreakzioaren arabera, kanta batzuk edo beste batzuk jotzeko aukera daukat.

“Ez dut uste nire burua saltzeko egokiena naizenik, baina bluesa maite duenak gustura entzuten du nik euskaraz egiten dudana”

Areto txikia da Kultur Elkartekoa. Espazio handi eta ezagunetan aritu zara, baita txiki eta intimoetan ere. Zer nahiago duzu?

Biek dute beren xarma, eta errepertorioa ere guztiz ezberdina izaten da; ni neu gustura aritzen naiz batean nahiz bestean. Areto txikietan, bakarka aritzean, zailagoa izaten da. Ez dut taldearen babesik izaten, eta kantak prestatzeko orduan lan handiagoa egin behar izaten dut. Akatsen bat eginez gero ere, askoz nabarmenagoa izaten da bakarrik egotean. 

Azkar esaten da, baina dagoeneko mende laurden baino gehiago daramazu oholtzaz oholtza. Zer ematen dizute zuzenekoek? 

Beti ikasten dut zerbait eta gauza berriak probatzeko aukera izateak gogo gehiagorekin aritzeko grina ematen dit. Gitarra soil batekin hasi nintzen, baina orain ezberdin afinatutako gitarra ezberdinak erabiltzen ditut, pedal sorta batekin melodiei askotariko efektuak emanez. Horrek guztiak esperientzia guztiz ezberdinak izatera behartzen nau, eta ilusioa ez da inoiz desagertzen zuzenekoetan. Askatasuna eta terapia dira niretzat; osasunarentzat gauza gutxi dago hoberik oholtza batera igo eta nahi duzuna egin ahal izatea baino. Lasaitasuna eta bakea ematen du, bizi-kalitatea hobetuz.

16 urterekin Berako Noise Hole taldearekin musikagintzan murgildu zinenetik, zer nolako eboluzioa izan du Pettik artista edo musikari gisa?

Garaian garaikoa [irribarre artean]. Orduan, asmo bakarra parranda egitea zen. Punk-rocka egiten genuen, eta asteburua ondo pasatzeko aukera ezin hobea izaten zen; ez zuen orain egiten saiatzen naizenarekin zerikusirik. Orain, berriz, mezuak zabaltzen saiatzen naiz, nire bizitzaren ikuspuntua azaltzen eta niretzat ongi dagoena bultzatzen. Helburu bat dauka musikak niretzat.

Sorkuntzan murgilduta zabiltza beti. Orain arteko ibilbidean, hamahiru disko kaleratu dituzu zure izenean eta beste hainbatetan ere parte hartu duzu kolaboratzaile gisa. Musikalki edo artistikoki, zer momentutan zaude orain? 

Nire ustez, oso une onean nago. Lasaiago bizi naiz eta askoz ere zentratuago nabil egiten dudanarekin. Lan bat ateratzerakoan, segurtasun osoa izan behar dut, egindako horretaz ez damutzeko. Horregatik, denbora asko hartzen dut gauzak nahi bezala prestatzeko, zuzentzeko eta baloratzeko. Kantu guztiek zentzu bat izan dezaten saiatzen naiz; eta, ez bada hala, abestia baztertu eta beste bat sortzen saiatzen naiz. Ez ditut abestiak diskoa betetzeko egiten; nahiago dut diskoan kantu gutxiago sartu, betetzeko kanturen bat sartu baino. Egia da hori guztia psikologikoki ere ordaindu behar izaten dela, baina azken emaitza ikustean, urduritasunak eta buruko min guztiek jira eman... eta plazer terapeutiko bihurtzen dira.

“Nire ustez, oso une onean nago. Lasaiago bizi naiz eta askoz ere zentratuago nabil egiten dudanarekin"

Gitarra lagun, askotariko proiektuetan parte hartzeko aukera izan duzu urteotan. Azkenaldian, adibidez, Ana Galarragarekin batera aurkeztutako Frankestein agurgarria errezitaldi saioekin ere bazabiltza. Zer moduz doa esperientzia? 

Oso polita izaten ari da. Hamalau bat saio egin ditugu dagoeneko, eta beste batzuk lotuta ditugu datozen hilabeteetarako. Egia esan, niretzat oso erraza da lan hau egitea, lanik zailena Anak egiten baitu: berak idatzi zuen testua eta berak darama emanaldiaren pisua, nik kantuekin lagundu besterik ez diot egiten. Batek baino gehiagok azaldu digun bezala, oso emanaldi polita, interesgarria eta zentzuduna da. Euskal Herriko hamaika txokotan aurkeztea espero dugu, benetan merezi duelako. Feminismoa, gerra zibila, literatura eta bizitzako pasarteak uztartzen dira bertan, eta benetan lagungarria suertatuko zaio bati baino gehiagori. Dudarik ez daukat horrekin, hori baita daukagun asmoetako bat.

Etorkizunari begira, ba al duzu bestelako erronka edo proiektu zehatzik esku artean? 

Bai, datozen hilabeteetan kaleratuko den zuzeneko disko bat grabatzen ari naiz taldearekin; nire kanturik rockeroenak eta indartsuenak izango dira bertan. Gainera, estudioko disko berri bat prestatzen, Anarekin Frankenstein agurgarria aurkezten, Balerdi Balerdirekin disko berria lantzen, eta zuzeneko emanaldiak eskaintzen ere jarraitzen dut. Beraz, aspertzeko denbora gutxi daukat.