Aurtengoan ere, Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubak pala ikastaroa antolatu du, emakumeek kirol horretan trebatzeko aukera izan dezaten.
Zehaztu dutenez, ikastaroa bihar (otsailak 6) abiatu eta maiatzaren 29an amaituko da, eta deialdiak harrera ona izan du, hamazazpi emakumek parte hartuko baitute bertan. "Zumaiar batzuk ere badira tartean, baina gainontzeko partaideak Debakoak dira. Pozgarria da halako ekimenek herritarren interesa pizten dutela ikustea. Izan ere, ez badugu inor erakartzen edo jendeak ez badu parte hartzeko interesik azaltzen, orain arte egindako ahalegin guztia ezerezean geratuko litzateke", adierazi dute antolatzaileek.
Bi txandatan banatuta
Iratxe Astigarraga debarrak gidatuko du ikastaroa. Antolatzaileek azaldu dutenez, "pala ezker eta eskuin eskuarekin kontrolatzen ikasiko dute parte-hartzaileek. Ohi bezala, teniseko pilotarekin eta paleta arinekin arituko dira".
Aldats pilotalekuan egingo dituzte saioak, ostegunetan, bi txandatan banatuta: 19:00etatik 20:00etara eta 20:00etatik 21:00etara. Lehenengo txandan hamar lagunek parte hartuko dute, eta bigarrenean, berriz, beste zazpik.