"Herriko jendeak zientzia munduan egiten duen lana ezagutaraziz, Deban ere zientziarekiko interesa piztea". Horra hor, laburbilduta, Kultur Elkarteak iazko maiatzean egindako jardunaldien helburu nagusia. Baso bete zientzia goiburupean, hilabeteko lau ostegunetan publiko orokorrari zuzendutako hitzaldi laburrak eman zituzten zientzialari debarrek, euskaraz; bederatzi solasaldi izan ziren guztira, eta beste hainbeste protagonista.
Antolatzaileak pozik gelditu ziren iazko edizioak izan zuen harrerarekin eta, hortaz, aurten ekimena errepikatzeko asmoa dutela iragarri dute. Helburu horrekin deitu dute, hain justu, biharko bilera irekia. "Bigarren ekitaldia antolatzen hastear gara eta, antolaketan parte hartu nahi baduzu, jakizu ongi etorria izango zarela bilera irekian. Zure zain egongo gara!", nabarmendu dute. Kultur Elkarteko liburutegian izango da hitzordua, 18:30ean.