Udako atsedenaldiaren ondoren, urrian abiatu zuten 2024-2025eko ikasturterako egitasmoa. Eta euskaraz egiten badugu? lelopean ireki zuten izen-emate epea eta, taldeak osatu ondoren, martxan daude asteroko saioak. Mintzalagunen hiru talde daude, gaur-gaurkoz, herrian: horietako bi astelehenetan elkartzen dira (bata 15:30ean eta bestea 16:00etan), eta hirugarrena ostiraletan, 11:00etan. Talde bakoitzean euskaraz ondo moldatzen den pertsona bat (bidelaguna) hizkuntza maila hobetu nahi duten lauzpabost lagunekin (bidelariak) elkartzen da, ordubete inguruz.
Doako programa
Hiru talde sortu dituzten arren, antolatzaileek gogorarazi dute izen-ematea ikasturte osoan egoten dela zabalik (doan); partaide berriak aurrez osatutako taldeetan sar daitezke eta, beharren arabera, talde berriak sortzeko aukera ere aztertuko dute antolatzaileek.
Zuhatzak kudeatzen du ekimena Deban, Taupa euskaltzaleen mugimenduarekin elkarlanean. Bertan parte hartu nahi dutenek euskara elkartearen bulegora jo beharko dute (943 19 13 83). Bestela, Internet bidez ere eman daiteke izena, koordinatzailea@zuhatza.com-era idatzita edo labur.eus/zuhatza_deba estekan sartuta.