Iazko salmenta kopuruari eutsi dio bidezko merkataritza bultzatzeko dendak

Berriketan 2025ko ots. 6a, 09:30

Ohi bezala, Kooperazio Taldeko kideek elkartasun denda zabaldu zuten Eguberrietan eta, azaldu dutenez, ekimenak harrera ona izan du oraingoan ere. Balorazioa egin ondoren, dendak iazko salmenta kopuruari eutsi diola nabarmendu dute boluntarioek. 

Arduradunak "oso gustura" agertu dira eta eskerrak eman dizkiete herritarrei, "beste behin izandako jarreragatik eta egitasmoan parte hartzeagatik". "Jende pila bat etorri da dendara zerbait erostera eta eskerrak eman nahi dizkiegu hemendik pasa diren guzti-guztiei. Bildutako diru horri esker, posible izango da martxan ditugun zenbait proiektutara baliabide gehiago bideratzea".

Hiru egitasmo

Jakinarazi dutenez, aurten lortutako irabaziak hiru proiektutara bideratuko dituzte. "Irabazien heren bat Ukrainara bidaliko dugu, Txernobylgo zentral nuklearraren hondamendiak kaltetutako eremuan dagoen Orane herriko premiei erantzuteko. Botikak eta hotzari aurre egiteko artilea bidaltzeko eskatu digute aurten, eta horretarako erabiliko dugu dirua". 

Adierazi dute "irabazien heren bat baino zertxobait gehiago" Valentziako elkarte bati bidaliko diotela, urriko hondamendiak kaltetutakoei laguntzeko helburuz. "Eta gainontzeko irabaziak Maliko Togo eskualdeko Saint Paul eskolara bideratuko ditugu —erantsi dute—. Urtero bezala, dirua behar handiena duten ikasleen artean banatuko dute".