Bastiñuixan egitasmoa hobetzeko galdetegia prestatu dute gurasoentzat

Berriketan 2025ko ots. 3a, 11:42

Debako Udalak, Zuhatza-Kolore Anitz Aisialdi Taldearekin elkarlanean, Bastiñuixan egitasmoa abiatu du 2024-2025 ikasturtean. Azaroan izan ziren lehen saioak, eta martxoan eta maiatzean izango dira hurrengoak. Gurasoentzako galdetegia prestatu dute orain, proiektua hobetzen jarraitu ahal izateko. 

Kaleetan eta parkean 3-9 urte bitarteko haurren artean euskararen erabilera handitzea helburu duen Bastiñuixan egitasmoari martxoan emango diote jarraipena Debako Udalak eta Zuhatza-Kolore Anitz Aisialdi Taldeak. Baina aurrez gurasoen iritzia ezagutu nahi dute, hurrengo saioetan eskaintza hobetzen jarraitu nahi dutelako.

Horretarako, gurasoei zuzendutako galdetegi bat prestatu dute antolatzaileek eta dokumentua betetzeko deia egin diete herritarrei. Otsailaren 10era arteko epea izango dute galderak erantzuteko. Galdetegia HEMEN bete daiteke euskara hutsean, eta HEMEN, berriz, ele bitan.