100 mila kafe izeneko ekimena abiatu zuen EH Bilduk duela hamar urte. Proiektu politikoa azaltzea eta eztabaidatzea zen helburua, aldi berean komunitate giroa zainduz. "Adarra jotzen" genion orduan, bere omenez antolatutako ekimena zela esanez. Orain, pentsatzen hasita, bere ibilbidea irudikatzen duen ekimena izan zitekeen.
Irakurri ditugu Deban eta Euskal Herrian utzitako arrastoaren aitortzak. Herrigintzan etengabe aritu da lanean: feminismoa, euskara, udalgintza, kultura... sarea ehuntzen, gelditu gabe. Egunerokoan lantalde berriak sortzeko ekinean, herriko ekimenetan boluntario, komunitatea(k) sortzen eta zaintzen.
Aldarri handiak nagusi izan diren Euskal Herrian, eguneroko pauso txikien garrantzia transmititu digu. Udaleko Euskara zinegotzi izan zen garaian, esaterako, eraldaketarako aukera izan zuten esku artean dugun aldizkariak eta Zuhatza elkarteak. Hausnarketa eta eztabaida sakonen ondotik, soldatapeko langileak izatea ahalbidetu zuen aurrekontua proposatu, eztabaidatu eta lortu zuen udal gobernuan. Garai berean sartu zen Deba UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean. UEMAkide izendatu gintuzten batzarra Deban egin zen, eta herriko eragile sozialak eta kulturalak "nahastu" zituen egun osoko festa hartan parte har zezaten.
Gutako bakoitzak Milarekin hartutako kafeen oroitzapena izango du aurrerantzean. Herria eta gure komunitatea egunero osatzeko beharrezko sarearen kide egin gaitu, lanean jarri gaitu, parte egin gaitu.
Honengatik guztiagatik, azken agurra eskainiko diogu datorren otsailaren 2an, 12:00etan, Aldats pilotalekuan egingo den ekitaldian. Utzitako arrastoak hor jarraituko du, transmititutakoarekin Herria egiten jarrai dezagun!