Igandean (otsailak 2) Hezeguneen Munduko Eguna da, eta egun horren harira, Debako padurak ezagutzera eman, balioan jarri eta babesteko egitarau berezia antolatu du Debanatura Ingurumen Heziketa elkarteak, Debako Udalarekin eta Euskal Kostaldeko Geoparkearekin lankidetzan.
Egun horretan, zehazki, naturan utzitako hondakinek sortzen duten inpaktua ezagutaraztea eta inguruneak hobetzea helburu duten bi ekintza eramango dira aurrera: 1m² hezeguneen alde izeneko hondakinen bilketa eta Paduraz padura izeneko ginkana hezitzailea.
Xehetasunak
1m² hezeguneen alde deritzon ekintzak Casacampo inguruan hondakinak biltzea eta horiek karakterizatzea du xede. "Ekintza honetan, bildutako hondakinak aztertu eta sailkatuko dira, haien jatorria eta ingurunean sortzen duten inpaktua hobeto ulertzeko". Jarduera herritar orori zuzenduta dago eta 10:00etatik 11:30era egingo da, Casacampoko begiratokitik abiatuta.
11:30etik 13:00etara gauzatuko den Paduraz padura deituriko bigarren jarduera, aldiz, Debako hezeguneak ezagutzeko bisita berezi bat da; baina, berezitasun bezala, ginkana moduan antolatuta dago. Hala, pisten eta jokoen bidez, parte-hartzaileek hezeguneetako espezieak ezagutzeko aukera izango dute. Jarduera 4 urtetik gorako haurrei eta helduei zuzenduta dago eta Artzabalen egingo da; begiratoki zentralean izango du abiapuntua.
Izen-ematea eta gomendioak
Jardueretan parte hartzeko asmoa dutenei aurrez izena ematea eskatu diete antolakuntzatik. Doako ekintza horietan parte hartzeko nahikoa da debanatura@hotmail.com helbide elektronikora idaztea.
Parte-hartzaileei ura eta hamaiketakoa eramatea gomendatzen zaie, baita oinetako erosoak edo gomazko botak eta arropa egokia janztea ere. Eskularruak eta poltsak antolatzaileek emango dituzte bertan. Autoz joaten direnei Artzabalgo aparkalekua erabiltzea gomendatzen zaie, irisgarritasuna errazteko.