Debako Udalak jakinarazi du atzoko (urtarrilak 30) osoko bilkuran udal lanpostuen zerrendaren eguneratzea onartu zuela, aho batez. Nabarmendu bezala, "udal langileria antolatzeko eta kudeatzeko funtsezko dokumentua da. Azken berrikuspena 2018an egin zen, eta, ordutik, aldaketa esanguratsuak egon dira udalaren egituran, bai lanpostu berrien sorreragatik, baita egonkortze prozesuengatik ere".
Eguneratze horrekin 13 lanpostu erregularizatu dituzte; lanpostu horiek beteta daude aurrez ere, baina orain arte ez zeuden udal lanpostuen zerrendan jasota. Azaldutakoaren arabera, horrez gain, "hiru lanpostu amortizatu dira, baina ez dira desagertu, egungo udal egiturarekin bat datorren izendapen berria jaso dute. Modu horretara, udalaren plantilla eta postu bakoitzaren izendapena modu egokian eta zehaztasunez jaso eta udalaren antolaketa-errealitatera egokitzen dela bermatzen da". Era berean, udalak lanpostu horien balorazioa 2025ean egingo duela adierazi dute, "lanpostu horiek behin betiko egonkortzeko eta udalaren giza baliabideen kudeaketa hobetzen jarraitzeko".
"Gobernu taldeak emandako hitza bete du"
Eguneratze hori joan den abenduan gobernu taldeak eta EH Bilduk sinatutako aurrekontu akordioan jasotako ekintzetako bat dela azaldu dute. "Honekin, beraz, gobernu taldeak emandako hitza bete du, eta udal antolaketa hobetzeko eta zerbitzu publiko eraginkorra bermatzeko bidean aurrerapauso bat gehiago eman du", azpimarratu du.
Gobernu taldeak eguneratze horren garrantzia nabarmendu du: "Udalaren kudeaketak udalerriko errealitatearen isla izan behar du, eta, horretarako, funtsezkoa da udal lanpostuen zerrenda eguneratuta eta denboretara egokituta izatea. Berrikuspen horrekin, aurrerapauso garrantzitsua eman dugu udal plantilla sendotzeko eta giza baliabideak modu eraginkor eta gardenean kudeatzeko”.