Otsailaren 7an izango da urteko lehen odol ematea

Berriketan 2025ko ots. 3a, 09:22

Ohi bezala, aurrez eskatu behar da txanda.

Debako Odol Emaileen Elkarteak odola emateko urteko lehen saioa antolatu du eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu ditu. Saioa ostiralean (otsailak 7) izango da, Luzaro ikastetxean, 16:30etik 20:30era.

Odol emaileen elkartetik gogorarazi dutenez, ez da aparteko baldintzarik bete behar odola emateko. Are gehiago, bertan lanean ariko diren osasungintzako profesionalek babes neurri guztiak hartuko dituztela gogorarazi dute; beraz, jendeari "lasai hurbiltzeko" eskatu diote.

Hitzordua eskatzeko bideak

Odol ematearen antolakuntza lanak errazteko, beharrezkoa da aldez aurretik hitzordua hartzea. Horretarako, bi aukera daude. Alde batetik, gotatanta.eus webgunean sartuta eman ahal izango da izena. Debako kasuan, gaur (otsailak 3) zabaldu dute hitzordua erreserbatzeko epea eta asteazkenean (otsailak 5) itxiko dutela iragarri dute.

Ohi bezala, 623 91 23 03 telefono zenbakira Whatsapp mezu bat idatzita ere egongo da hitzordua hartzeko aukera; osteguna (otsailak 6) da bide hau erabiltzen dutenentzat izena emateko azken eguna.