Ostolaza ikastetxea izan zena eraisten hasi dira

Berriketan 2025ko urt. 28a, 12:59

Libre geratuko den orubean adinekoen zaintzari lotuta egongo den azpiegitura berri bat eraikitzea da asmoa.

Duela bi aste hasi ziren Ostolaza ikastetxea izan zenaren eraisketa lanak, eta udal iturriek jakinarazi dutenez, horiek hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da. Lanek 206.628,48 euroko aurrekontua (BEZa barne) dute, eta horien baitan, bertan dauden hondakinak garbitzea eta gainerako elementuak gaika eta modu kontrolatuan eraistea aurreikusi da. Azpimarratu dutenez, eraiste lanak segurtasunari eta ingurumen-iraunkortasunari loturiko araudiak errespetatuz egingo dira. 

Udal agintariek azaldu dutenez, ikastetxea izan zena eraistea "urrats sendoa da, udalak pertsonengan oinarritutako zaintza-eredu integral bat sortzeko eta gizarte-zerbitzuak indartzeko duen konpromisoan".

Horrekin batera, udalak lizitaziora atera du Debako Zaintza Ekosistema sortzeko bigarren fasea. Egitasmo horren helburua adinekoei eta haien zaintzaileei arreta eskaintzeko eredua eraldatzea da. Gaur egungo zaintza-sistemaren diagnostikoa eta ebaluazioa ezarri ziren lehen fasea amaitu ondoren, bigarren fase honetan diagnostiko horretatik eratorritako ekintza zehatzak inplementatzea izango du helburu. Etapa berri horrek 91.960 euroko aurrekontua (BEZa barne) izango du.

Hainbat ekintza

Bigarren faserako aurreikusitako ekintzen artean, honakoak nabarmendu dituzte:

  • Eredu jasangarri eta eraginkor bat finkatzeko bide-orria definitzea.

  • Tokiko eragileak, zerbitzu publikoak eta herritarrak zaintzaren ikuspegi berrietan prestatzea.

  • Gizarte- eta osasun-zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzea, arreta integratuagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko.

  • Adinekoen egungo beharretara egokitutako irtenbide berritzaileak abian jartzea.

Lizitatuko den kontratuak urtebeteko iraupena izango du eta etengabeko ebaluazio sistema bat ezartzea aurreikusten du, garatutako ekintzek proposatutako helburuak betetzen dituztela bermatzeko.

Udal gobernuak Debako zaintza-eredua aldatzeko duen estrategian funtsezkotzat jo ditu Ostolaza eraikinaren eraisketa eta Zaintza Ekosistema finkatzeko prozesua. Testuinguru horretan, azpimarratu dute ekimen horiek udalak adinekoen eta haien zaintzaileen ongizatea bermatzeko ingurune inklusibo eta irisgarri bat sortzeko duen konpromisoa berresten dutela. "Etorkizunean zaintza gure gizartearen oinarri nagusietako bat izan dadin lanean ari gara, Deba ongizatean eta bizi kalitatean erreferente izango dela ziurtatuz", adierazi du Alazne Txurruka alkateak.