Debabarreneko eta Debagoineko odol emaileen elkarteetako ordezkariak urteroko bilera egin zuten larunbatean (urtarrilak 25) Elgoibarren. Batzarra talde "giro paregabean" egin zutela adierazi dute. Gainera, topaketa Debabarreneko odol emaileen elkarteetako ordezkari berria aurkezteko ere baliatu zuten.
Alaitz Zubiaurre debarra izango da aurrerantzean ordezkari berria, eta, hain zuzen ere, urte luzez zeregin horretan aritu den bere ama, Arantza Iriondo, ordezkatuko du karguan. Azaldu zutenez, azken urtean elkarrekin aritu dira lanean, trantsizioa errazteko helburuarekin.
Egoibarko Jubilatuen Biltokian egindako topaketan iazko odol emateen datuak ere aztertu zituzten. 2023arekin alderatuta, Gipuzkoan odol emateek %4ko gorakada izan zuten 2024an. Ordezkari berriaren esanetan, herritarrak odola ematearen beharraz kontzientziatzea izango da elkartearen helburu nagusietako bat aurten ere. "Beti izaten da odol beharra, ez da puntualki bakarrik ematen den behar bat. Urtero konstanteak izan behar gara, beharrak asetzeko eta odol faltagatik behintzat inor bidean ez dadin geratu".
Bide batez, odol emaileei eskerrak eman zizkien "bihotzez", eta, aldi berean, aspaldi eman gabe daudenak edo inoiz eman ez dutenak odola ematera animatu zituen. "Azken urtean martxan jarri dugun gotatanta.eus webguneari esker, inoiz baino errazagoa da txanda hartzea. Bertan ikus daiteke non eta noiz eman daitekeen odola".
Amaitzeko, azpimarratu zuen "ordu erdi eskaintzearen truke bizitza asko salba daitezkeela". Herritarrei dei argia egin zien: "Gerturatu, bakarka, familian edo lagunartean... baina gerturatu. Ez izan izan beldurrik".