Ozio errekako keroseno isuria kontrolatzeko jarraipena egiten ari dira Ingurumen saila eta Uraren Euskal Agentzia

Berriketan 2025ko urt. 24a, 10:03

Isuria kontrolatzeko errekan jarri duten hesi-xurgatzailea. Argazkia: DEBAKO UDALA

Eusko Jaurlaritzak dagokion protokoloa jarri du abian, besteak beste, kerosenoaren isurketa geldiarazteko dagozkion neurriak hartuz.

Debako Udalak Osio auzoa zeharkatzen duen errekaren egungo egoeraren berri eman nahi izan die herritarrei. Izan ere, urtarrilaren 3an AP-8 autobidean kerosenoa zeraman zisterna-kamioi batek istripua izan zuen eta, horren ondorioz, erregai horren zati bat Ozio errekara isuri zen.

Egunak pasa badira ere, oraindik ere erregai horren usain handia nabaritzen da auzoan bertan eta inguruetan, eta egoera horrek kezka sortu du bizilagunen artean. Horren harira, udalak jakinarazi du, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen saila eta Uraren Euskal Agentzia jarraipen estua egiten ari direla isurketari. "Gaiak herritarrengan sortu duen kezka aintzat hartuta, informazio formala eskatu dio udalak Eusko Jaurlaritzari, eta informazio hori jaso bezain azkar, herritarrei helaraziko zaiela ziurtatu du".

Udalak, bere aldetik, lasaitasun-mezua helarazi nahi izan die herritarrei, "ingurumena bermatzeko behar diren neurri guztiak hartzen ari direla bermatuz".