Mendipe elkarteko idi pareak irabazi du aurtengo sariketa

Berriketan 2025ko urt. 20a, 11:08

Irabazleak, itzainak eta Debako udal ordezkariak ostiralean jokoan egon zen manta eskuetan. Argazkia: Egursport

Jende asko elkartu zen ostiral (urtarrilak 18) gauean Euskal Jolas frontoian egin zen norgehiagokan.

Aurten ere jardunaldi bakarrera erabaki da proba, eta indarrak neurtu zituzten lau idi pareen artean Mendipe elkartekoak egin zuen lanik txukunena. 43 plaza eginda nagusitu ziren Maruri-Jatabeko abereak eta, horrenbestez, sariketako manta eta txapela berentzat izan ziren.

36 plaza, 3 zinta eta 5,15 metroko marka eginda, berriz, Errezilgo Bixkiak-en idiak sailkatu ziren bigarren. Plaza bat gutxiago eginda, Artola oiartzuarraren idiak izan ziren hirugarren; 35 plaza eta 2,70 metroko lana egitea lortu zuten. Laugarren sailkatua Arroako Etxetxo izan zen. Itzainak ahalegindu baziren ere, Etxetxoren idiak ez ziren ondo moldatu Euskal Jolasen eta, ordu-erdiko tartean, 16 plaza eta 4,29 metro besterik ez zituzten egin.