Emaitzei dagokienean, eta erakustaldi bikaina emanda, Ismail Chkhicheckh bilbotarra nagusitu zen gizonezkoetan; 31 minutu eta 56 segundotan amaitu zuen 10 kilometro inguruko ibilbidea. Ia minutu batera helmugaratu zen Younnes Assehli zaldibartarra geratu zen (32.51) bigarren, eta Mikel Aguirrebeña debarrak osatu zuen podiuma (33.03).
Emakumezkoetan, berriz, Oihana Kortazar elgetarrak jantzi zuen txapela; erabateko nagusitasuna erakutsita, Mutrikun bizi den kirolariak 35 minutu eta 58 segundo behar izan zituen helmugaratzeko. Bigarren, eta azken hiru urtetako postu bera errepikatuta, Idoia Nogales debarra izan zen (39.26). Hirugarren, berriz, Sandra Martinez gasteiztarra izan zen (41.12).
Podiumeko lehen postuetan izan ziren Aguirrebeñak eta Nogalesek, gainera, azkarren helmugaratzen diren lehen herritarrei ematen zaien saria ere eskuratu zuten.
Errekorra
Eguraldi ederrak lagunduta, jende askok parte hartu zuen atzo (urtarrilak 19) goizean jokatu zen XI. Herri Krosean. Deba Xtreme Kirol Taldeko kideek emandako datuen arabera, 166 korrikalarik eman zuten izena proban, eta horietatik 152 izan ziren helmugaraino iristea lortu zutenak.
Antolakuntza pozik agertu da datuarekin, izan ere, parte-hartze errekorra hautsi dela azpimarratu dute. "Orain arte, 120 parte-hartzaileren bueltan ibiltzen ginen, baina aurten aurreikuspen guztiak gainditu eta 160ko langa gainditzea lortu da. Are gehiago, parte-hartzaileen artean herritarren presentzia igo dela nabaritu dugu. Honakoa proba herrikoia izanda, oso pozik geratu gara zentzu horretan", adierazi dute.