Artzabalgo aparkaleku publikoa beste bi urtez erabiltzeko hitzarmena sinatu dute Debako Udalak eta Danobatek

Berriketan 2025ko urt. 21a, 10:03

Espazioaren alokairu-kontratua berritu ondoren, debarrek zein bisitariek herrigunetik gertu dagoen doako aparkalekuaz gozatzen jarraitu ahal izango dute.

Debako Udalak alokairu-kontratua berritu du Danobatekin, enpresak Artzabalen duen 4.056,50 metro koadroko lursaila udalak aparkaleku publiko gisa erabiltzen jarraitu ahal izateko. Urtarrilaren 17an egin zuten publiko hitzarmena, eta 2026ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. "Akordio hau berrituta, Artzabalgo aparkalekuak mugikortasuna eta irisgarritasuna sustatzeko funtsezko espazioa izaten jarraituko du, debarrek zein bisitariek hirigunetik gertu aparkaleku publiko bat izaten jarraitu ahal izango dutela ziurtatuz", adierazi dute udal ordezkariek.

Erabilera hitzarmena sinatzearekin batera, udalak bere gain hartuko ditu lursailari dagozkion hainbat gastu. Orain arte bezala, aparkalekua egokitzeko, mantentzeko, garbitzeko eta aseguratzeko kostuak, eta espazioa modu egokian eta autonomia osoz kudeatzeko konpromisoa hartu udalak.

Udal iturriek gaineratu dutenez, aparkalekua asfaltatzeko aukera mahaigaineratu dute, lurzoruaren baldintzak hobetzeko eta erabiltzaileei erosotasun handiagoa eskaintzeko, baina azaldu dute alokairu-akordioaren ezaugarriek mugatu egiten dutela tokian bertan jarduteko ahalmena.