Proba herrikoia 11:30ean abiatuko da Aldats pilotalekutik eta, ohi bezala, 10 kilometro inguruko luzera izango du. Hori bai, ibilbidea berria izango dela iragarri dute Deba Xtreme Kirol Taldeko kideek. "Lehen ia hiru itzuli ematen genizkion herrigunean prestatutako zirkuituari, baina aurten hiru egin beharrean bi egitea erabaki dugu. Kostata, baina errepidetik igarotzeko baimena ere lortu dugu eta, beraz, berritasun bezala, lasterketa Deba eta Mutriku lotzen dituen tuneletik igaroko dela aurreratu dezakegu. Buelta, berriz, Casacampo ingurutik egingo dugu. Gainontzeko ibilbide guztia ohiko bideetatik egingo da".
16 urte beteta dituzten korrikalariek parte hartu ahal izango dute krosean eta, gogorarazi dutenez, zabalik dago izen-ematea. Parte hartzeko interesa dutenek Herrikrosa atariaren bitartez eman dezakete izena. Lasterketa egunean ere egongo da horretarako aukera, baina azaldu dute kasu horretan 20 euro ordaindu beharko dituztela eta ez 15.
Sariak
Urtero bezala, sariak egongo dira lehenengo sailkatzen diren hiru gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat: irabazleei garaikurra eta 70 euro emango dizkiete, bigarren sailkatzen direnei garaikurra eta 50 euro, eta hirugarrenei, berriz, garaikurra eta 40 euro.
Lehen postuan helmugaratzen den herritarrarentzako zein beterano azkarrenarentzako ere sari berezia egongo da. Parte hartzen duten guztiek kamiseta bat jasoko dute oroigarri eta, aurreratu dutenez, beste hainbat opari ere zozkatuko dira. Izena aldez aurretik eman dutenen artean, gainera, 100 euroko bi sari zozkatuko dituzte.