GUTUNA

"Gazte langileok gerra eta faxismoaren aurka"

Ekaitz Zubimendi GKSko kidea 2025ko urt. 15a, 10:05

Krisi kapitalistaren testuinguruan, egoera larria da gazte langileontzat; emantzipatzeko ezintasuna, aisialdirako aukera murritzak, kontrol sozial etengabea... Gainera, testuinguru honetan, gerra hotsak eta faxismo berri bat hazten ari dira Europan zehar.

Gerrari buruz hitz egiten dugunean, urruti dagoen fenomeno bat dela pentsatzera iritsi bagaitezke ere, balak ate-joka ditugu. Mendebaldeko agintariek gerraren aldeko apustua egin dute; Polonian, ikastetxeetan armen bidez tirokatzen ikasteko ikasgaiak jarriko dituzte; Frantzian, soldaduska martxan jartzeko ideia dute; eta ezin aipatu gabe utzi Espainiako gobernuaren aurrekontu militarra gora doala etengabe.

Testuinguru beliko honetan, ezker instituzionalaren ezintasunaz eta gizartearen pobretzeaz baliatuta, faxismo berri bat ari da zabaltzen Europan zehar

Testuinguru beliko honetan, ezker instituzionalaren ezintasunaz eta gizartearen pobretzeaz baliatuta, faxismo berri bat ari da zabaltzen Europan zehar. Instituzioetan alderdi ultraeskuindarrek gero eta indar handiagoa dute, eta instituzioen bitartez neurri totalitario eta zapaltzaileak bultzatzen dituzte. Kale mailan, diskurtso faxista, arrazista eta erreakzionarioak normalizatzen eta zabaltzen ari dira, hauek eraso fisiko eta antolatuei bidea irekitzen dietelarik. Gainera, sare sozialetan milaka harpidedun eta jarraitzaile dituzten figurek diskurtso erreakzionarioak zabaltzen dituzte, eta belaunaldi gazteenengan influentzia handia dute.

Duela urte batzuk pentsaezina bazen ere, ideia hauek Euskal Herrian dabiltz hedatzen. Horren adibide dira azken hilabeteetan zehar agertu den propaganda faxista, eta eman diren eraso arrazista eta faxistak. Deban eta inguruko hainbat herritan pegatinak agertu baziren ere, Irungo Lakaxita Gaztetxea eta Zornotzako Matrailu Gaztetxea erasotuak izan ziren pintada faxisten bitartez. Bestalde, azken hilabeteetan eraso arrazista askoren berri izan dugu. Arrigorriagan, gizon talde batek bazar txinatar baten jabea jipoitu zuen, eta Baionan gizon batek negar-gasa bota zion emakume bati aurpegira.

Manifestazioak urtarrilaren 25ean

Honen guztiaren aurrean, egoerari aurre egingo dion indar bat artikulatzea besterik ez zaigu geratzen, egoerari aurre egingo dieten mobilizazio jendetsuak eta antolakuntza formak sortuz. Bide honetan, GKStik manifestazioak deitu dira Bilbon eta Iruñean urtarrilaren 25ean, faxismoaren eta gerraren aurka. Debabarrenako GKStik ere lanean gabiltza mobilizazio hauei begira. Deban, aurkezpena egin genuen gaztetxean, eta bertatik manifestaziora begirako komiteak sortu ziren. Itziarren, igande honetan, urtarrilaren 19an, zineforuma egingo dugu Burugorri gainean. Bestalde, eskualdetik autobusa antolatu dugu mobilizaziora joateko; Debatik 15:45ean irtengo da, pasealeku estalitik. Deialdi hauetan parte hartzera deitzen zaituztegu, ezinbestekoa baita gazte langileok gerra eta faxismoaren aurka lehen lerroan egotea.

U25 MOBILIZATU!