Deba-Itziarko pentsiodunek kontzentrazioa egin zuten atzo (urtarrilak 13) eguerdian Foruen Plazan. Zazpi urte beteko dira protesta ekitaldi hauekin hasi zirenetik, eta datozen hilabeteetan pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea eskatzeko sinadura bilketa hasiko dutela ohartarazi dute. Ohiko aldarriez gain, duela gutxi zendu zen Mila Idiakez mugimenduko kideari omenaldia egin eta bertso bat kantatu zioten.
Bestalde, zazpigarren urteurrenaren harira, larunbatean (urtarrilak 18) eskualde mailako manifestazioa egingo dute Debabarreneko Pentsiodunek Eibarren. 12:00etan hasiko da mobilizazioa, Untzaga Plazatik, eta manifestazioaren ondoren herri-bazkaria egingo dute Errebal Plazia eraikinean. Eskualdeko herritar guztiak deitu dituzte manifestaziora.