Aurten ere Lilatoirako herri mailako taldea osatu nahian dabil Debako Gaztelekua

Berriketan 2025ko urt. 16a, 12:23

Debako Gaztelekuaren taldeak bigarren talde handienaren saria jaso zuen iaz Lilatoian.

Otsailaren 23an jokatuko da 35. Lilatoia emakumezkoen lasterketa ezaguna (Donostian), eta herri mailako emakume taldea osatzeko lanean hasita dago gaztelekua. Urtarrilaren 23an amaituko da izena emateko epea.

Arrakastatsua izan zen oso iazko deialdia, Debako eta Itziarko 119 korrikalari bilduta, gaztelekuaren izenean aurkeztu zen taldeak eskuratu baitzuen bigarren talde jendetsuenaren saria Donostiako Lilatoian.

Horiek hala, Debako Gaztelekuak kudeatuko du aurten ere Lilatoian parte hartzeko herri mailako emakume taldearen izen-ematea eta, iaz lortutako parte-hartzea gainditzeko erronkari helduta, abian dute dagoeneko bertan parte hartu nahi dutenentzako izen-ematea. Azaldu dutenez, interesa dutenek mezua bidali beharko dute debakogaztelekua2@gmail.com helbide elektronikora; urtarrilaren 23a da horretarako azken eguna.