Emakumeentzat pala ikastaroa antolatu dute aurten ere

Berriketan 2025ko urt. 13a, 09:53

Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubak emakumeentzako pala ikastaroa antolatu du aurten ere. Urtarrilaren 20a da izena emateko azken eguna.

Otsailaren 6an abiatuko da 12 urtetik gorako emakumeei zuzendutako ikastaroa eta Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubeko kideek azaldu dutenez, askotariko ariketen eta jolasen bitartez, palan trebatzeko eta hainbat teknika ikasteko aukera izango dute bertan parte hartuko dutenek. Ohi bezala, teniseko pilotarekin eta paleta arinekin ariko direla aurreratu dute.

Maiatzaren 29an amaituko da Iratxe Astigarraga debarrak gidatuko duen ikastaroa eta egutegia eta ordutegia zehaztuta daudela jakinarazi dute. Ostegunetan batuko dira Aldats pilotalekuan eta horretarako bi txanda antolatu dituzte: 19:00etatik 20:00etara izango da lehenengoa, eta 20:00etatik 21:00etara bigarrena.

Ikastaroaren hileko kuota 25 eurokoa izango da eta bertan parte hartzeko interesa dutenek 678 36 10 93 telefono zenbakira deituta edo mezu bat bidalita eman dezakete izena; urtarrilaren 20a da horretarako azken eguna.