Sei urte Kasinoaren eraikina eraitsi zutenetik

Berriketan 2025ko urt. 10a, 11:26

1932. urteaz geroztik hondartzako pasealekuan izan genuen eraikina 2019ko urtarrilean eraitsi zuten.

"Agur Kasinoaren eraikin enblematikoari". Horixe izan zen duela sei urte, 2019ko urtarrilean, Berriketan herri komunikabidearen paperezko aldizkariaren azalean argitaratutako lerroburua.

Erabat hondatuta egon zen eraikina hainbat urtean. Egituraren egoera eta kanpoko hormen zimenduena kaskartuta zegoen erabat eta, ondorioz, barrualdea eta kanpoko hormak kontserbatzea ezinezkoa zela ondorioztatu zuten adituek –Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Ondare Historikoaren departamenduetako adituek zein udal arkitektoak–.

Horiek horrela, Debako Udalak 2018ko urtarrilean iragarri zuen eraikina eraitsi egingo zela eta eraikin berriaren sustatzaileei Kasinoa kanpoko irudi berberarekin berreraikitzea agindu ziela: lehengo bolumetria, diseinu, material, harri eta koloreekin. Gainera, sustatzaileek derrigorrez laga behar izan zuten beheko solairua taberna-jatetxe izateko. Halaber, berreraikitze lanetan bestelako baldintza batzuk ere bete behar izan zituzten.

Eraikin zaharra uste baino beranduago eraitsi zuten. Izan ere, hainbat oztopo izan zituzten bidean –amiantoa, olioa eta bestelako elementu kutsakor batzuk aurkitu zituzten, adibidez–. Hortaz, baldintza legalak bete eta beharrezkoak ziren baimenak (Ingurumen Sailarenak) lortu ostean, 2019ko urtarrileko lehen astean eman zuten bukatutzat Kasinoaren eraispena.

Eraberritutako eraikina dugu gaur egun eremu horretan. Hiru pisuko eraikina da; beheko solairuan Itsaslabarrak taberna-jatetxea dago, baita Ipar Surf Skate Eskola ere, eta goiko pisuetan, berriz, etxebizitzak.