Brigade Loco taldeak disko berriko lehenengo abestia aurkeztu du

Berriketan 2025ko urt. 10a, 10:16

2025eko otsailean kaleratuko du Brigade Locok hirugarren diskoa, Bide baten esanahia izenburupean. Lan berri horrek hiru bideoklipez osatutako istorioa dakar bere baitan (trilogia bat). Horretaz gain, aurrerapen gisa beste bideoklip bat ere sortu dute, orain aurkeztu berri dutena, Eten.

Lander Aznal debarra kide duen musika taldeak datorren hilabetean aurkeztuko du Bide baten esanahia diskoa, baina dagoeneko plazaratu du lan berri horretako lehenengo abestia, baita bideoklipa ere. 

Maitane Arteagak idatziak dira Eten kantaren hitzak. Ikus-entzunezkoa Beñat Goiak zuzendu du, eta grabazio, nahasketa eta masterizazio lanak Julen Urzaizek (Sound of Sirens Studio) egin ditu; Julen Urzaiz bera eta Miguel Peral arduratu dira ekoizpenaz.

Bideoklipa ikusgai dago jadanik Interneten, musika plataformetan nahiz taldearen sare sozialetan. Nolanahi ere, gaur (urtarrilak 10) zuzenean aurkeztuko dute Bergarako Seminarixoan, 20:00etan; sarrera doakoa izango da.

Bestalde, disko berria aurkezteko bira ere iragarri du dagoeneko taldeak. Otsailean hasi eta maiatzera bitartean, hainbat kontzertu emango dituzte, beste hainbat herri eta hiritan (Londres, Derby, Iruñea, Gasteiz, Zaragoza, Bartzelona, Bilbo, Madril eta Astigarragan). Musika talde ugari izango dituzte bidelagun zuzenekoetan.