Debako Udalak berriro antolatu du ongizate emozionala eta autozainketa lantzeko tailerra. Iaz antolatu zuten aurreneko aldiz, eta tailerrak izandako harrera ikusita, aurten berriro eskaintzea erabaki dute "parte-hartzaileei hausnarketarako, autoestimua indartzeko eta egunerokoan baliagarriak diren tresnak ikasteko aukera eskainiz".
Aurreko aldian bezala, Saioa Garmendiak gidatuko du tailerra. Aditua da ongizate emozionalean, coach pertsonalean, emozioen kudeaketan, adimen emozionalaren garapenean eta mindfulness-ean, eta herriz herri ibiltzen da ongizate emozionalari eta autozainketari buruzko tailerrak ematen.
Urtarrilaren 28an hasi eta apirilaren 8ra bitartean burutuko da tailerra, parte-hartzaileei beren burua zaintzeko, autoestimua hobetzeko eta beren emozioez jabetu eta horiek partekatzeko espazio atsegin eta lagunkoia eskaintzeko helbururekin. Zehaztu dutenez, bi orduko sei saio praktiko eskainiko dira guztira. Hamabostean behin egingo dira saioak, eta guztiak Ispiluen gelan izango dira 18:00etatik 20:00etara, honako egunetan: urtarrilaren 28an, otsailaren 11n eta 25ean, martxoaren 11n eta 25ean eta apirilaren 8an.
Izen-ematea zabalik
Izen-ematea doakoa da eta parte hartu nahi duten herritarrek 943 19 28 40 telefono zenbakira deitu edo berdintasuna@deba.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute. Plazak mugatuak izango dira eta, horrenbestez, izena ahalik eta azkarren ematea gomendatu dute antolatzaileek.
Tailerrei buruzko informazio gehiago lortu nahi izanez gero, bisitatu www.saioagarmendia.com webgunea.