Debako Udalaren eta Bilbao ABAOren lankidetzari esker, datozen hilabeteetan opera prezio merkeagoan ikusteko aukera izango da. Zehazki, otsailaren 18an, martxoaren 29an eta maiatzaren 20an Bilboko Euskalduna jauregian taularatuko dituzten lanak ikustera joateko aukera izango dute herritarrek.
Jakinarazi dute sarrerak jada eskuragarri daudela turismo bulegoan. Gogorarazi dutenez, txartel bakoitzaren prezioak operarako sarreraz gain, Bilbora joan-etorria egiteko autobus zerbitzua ere hartzen du bere baitan. "Autobusean joan ahal izateko, betiere gutxieneko taldea osatu beharko da. Talderik osatuko ez balitz, ez da autobus zerbitzurik egongo eta, horrenbestez, sarrerari zerbitzu horren prezioa deskontatzeko aukera eskainiko zaie herritarrei".
Hona hemen eskuragarri jarri dituzten sarrerei buruzko informazioa:
- Otsailak 18. Gaetano Donizetti-ren La Favorite lana ikusteko aukera egongo da. 19:30ean hasiko da ikuskizuna eta interesa dutenek 90 euroan eskuratu ahal izango dituzte sarrerak.
- Martxoak 29. Amartuvshin Enkhbat baritono mongoliarraren errezitala izango da 19:00etan. Sarrerak 55 euroan daude salgai.
- Maiatzak 20. Giuseppe Verdiren Otello obra taularatuko dute 19:30ean. Sarrerak 80, 90 eta 100 euroan daude eskuragarri.