Debako udal iturriek jakinarazi dutenez, 2025eko urtarriletik aurrera ordutegi berria izango du kiroldegiak. Zehaztu dutenez, astegunetan ordu erdi lehenago zabalduko dituzte ateak; hau da, 09:00etan ordez, 08:30ean.
Honakoa izango da ordutegi berria: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 12:30era eta 15:00etatik 21:30era. Larunbatetako, igandeetako eta jaiegunetako ordutegia, berriz, bere horretan mantenduko da: hau da, larunbatetan 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara emango da zerbitzua eta igande eta jaiegunetan, berriz, 09:00etatik 13:00etara.
Eskaintza zabalagoarekin
Urte berria, gainera, eskaintza zabalagoarekin hasi du kiroldegiak. Ikastaro berrien artean Fitness Lasaia 80+ deritzona nabarmentzen dela esan dute. Programa inklusiboa Fitness Senior programaren parte hartzaileek baino muga fisiko edota kognitibo handiagoak dituzten adineko pertsonentzako diseinatua dago. "Jarduera honetan indarra, malgutasuna eta oreka bezalako gaitasun fisikoak landuko dira, baita alderdi kognitiboa eta soziala ere".
Saioak astean bitan egingo dira, 45 minutuko iraupena dute eta gehienez 15 pertsonako taldeetan antolatuko dira. Iragarri dutenez, parte hartzaileak ez dira soilik adinaren arabera erabakiko. "Izena eman aurretik, Kirol Orientazio Zerbitzuko arduradunek parte-hartzaileak ebaluatuko dituzte, bakoitzari bere gaitasunei egokitzen zaion programa esleitzeko".
Beste berrikuntzetako bat K-Stretch jarduera da. Astean bitan eskainiko dira saioak eta bertan malgutasuna eta oreka muskularra hobetzeko diseinatutako postura jarduerarako hamaka berezi bat erabiltzen da. "Saio horiek mugikortasun artikularra, zirkulazioa eta egoera fisiko orokorra hobetzen laguntzen dute. Gainera, bere diseinu biomekanikoari esker, ariketak modu seguruan egitea bermatzen da".
Ekipamendu berritua ere
Instalazioei dagokienez, kiroldegiak ekipamendu berria izango du bere aretoetan. Fitness gelan, esaterako, prentsa jaka dual bat, gluteoak lantzeko makina bat (hip thrust deritzona), 200 kilogramoko disko sorta bat duen polea bikoitza eta sei estera berri jarri dituzte.
Erabilera anitzeko gelan, berriz, Multifitness eta Crossfit bezalako jardueretan erabiltzeko club-bell haltera joko oso bat jarri dute herritarren eskura. Horrekin batera, K-Stretch jarduerarako sei hamaka ere eskainiko dira.