Herriko kirol elkarteek zabalik dute dirulaguntzak eskatzeko epea

Berriketan 2025ko urt. 8a, 11:11

Urtarrilaren 22a da eskabideak aurkezteko azken eguna. Udalak jakinarazi duenez, hainbat aldaketa egin dituzte oinarrietan.

Debako Udalak herriko kirol klub eta elkarteen ohiko jarduerak bultzatzeko dirulaguntza deialdia zabaldu du, herrian kirola sustatu eta honen eragin soziala indartzeko helburuz. Laguntza lerro horren bitartez, udalak diruz lagunduko ditu herriko kirol klub eta taldeek antolatzen dituzten kirol jarduerak.

Eskaerak aurkezteko epea urtarrilaren 22an amaitzen da, eta inprimakiak eta xehetasunak joan den abenduaren 23an GAOn argitaratutako iragarkian daude eskuragarri. Laguntza horiek jasotzeko baldintzen artean, irabazi asmorik gabeko kirol klubek eta elkarteek Debakoak izan beharko dute eta jarduerak udalerrian garatu beharko dituzte. 

Berritasunak

Udalak jakinarazi duenez, hainbat aldaketa egin dituzte oinarrietan. Jasotako aldaketa nagusien artean, dirulaguntzak estaltzen duen epealdia nabarmentzen da. Orain arte, kirol arloko dirulaguntzak ikasturtea kontuan hartuta ematen ziren, baina aurrerantzean urte naturala hartuko da oinarritzat. 

Hori dela eta, 2024a trantsizio-urtea izango dela azaldu dute. "Laguntza horiek jaso nahi dituzten klubek urte eta erdiko epea betetzeko eskabideak aurkeztu beharko dituzte. Hau da, 2023ko abuztuaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra arte".

Balorazio-irizpide berriak

Udalerriari zuzenean mesede egiten dieten jarduerei balio handiagoa emateko asmoarekin, bestalde, balorazio-irizpide berriak ere jaso dituzte oinarrietan. "Neurri horiek jarduera fisikoa sustatzeaz gain, funtsezko gizarte-balioak ere sustatzen dituen kirol-eredu bat garatzeko udalaren konpromisoari erantzuten diote".

  • Debako ekitaldiak eta haurren eskola: Pisu handiagoa emango zaie Deban kirol-ekitaldiak antolatzen dituzten eta adingabeen artean kirola sustatzen duten klubei, udalerriko gizarte-ehuna aberasteko egiten duten ekarpena nabarmenduz.
  • Berdintasunarekiko konpromisoa: Emakumeak kirolean parte-hartzeko jarduerak txertatzen dituzten eta klub edo elkarteen kudeaketan zein jardueretan emakumeen ordezkaritza bermatzen duten erakundeen alde egingo da.
  • Dibertsitate funtzionala: Dibertsitate funtzionala duten haurrak beren jardueretan integratzen dituzten klubek ere errekonozimendu gehigarria izango dute, udalak inklusioarekin eta aukera-berdintasunarekin duen konpromisoaren erakusgarri.

Irizpide berriak azaltzeko eta zalantzak argitzeko, udal ordezkariak herriko kirol klub eta elkarteekin bilduko dira. Urtarrilaren 14an izango da bilera, 18:00etan.