Bi erakundeen arteko hitzarmen bat sinatzen den lehen aldia da eta, horren bitartez, lankidetza-esparru bat zabaldu dute, etxez etxeko laguntza-zerbitzuen eta gizarte-zerbitzuen erabiltzaile diren pertsonek botikak modu seguruan eta eraginkorrean erabil ditzaten bermatzeko. Debaren atxikipenarekin, 47 dira jada programan parte hartzen duten Gipuzkoako udalerriak, 580 pertsonari zerbitzua emanez.
Sinadura-ekitaldia abenduaren 23an egin zuten Debako udaletxean, eta bertan izan ziren Alazne Txurruka alkatea, Jon Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmazia zuzendaria, Miguel Angel Gastelurrutia Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoko presidentea eta Amaia Zalduegi eta Iart Burgoa Debako bi farmazietako arduradunak.
Alazne Txurruka alkateak akordioaren garrantzia azpimarratu du, hitzarmenaren sinadura, zaintzaren, osasunaren eta ongizatearen arloan, "mugarri garrantzitsua" dela nabarmenduz. "Lehen aldiz, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoarekin lankidetzan ari gara, medikamentuen erabilera arrazionala eta segurua bezalakoa den funtsezko alderdi bati modu integralean erantzuteko. Honek gure udalerriko adineko pertsonen zaintzarekiko dugun konpromiso sendoa erakusten du, haien bizi-kalitatea hobetuz eta botika edo tratamenduen erabilerarako erraztasunak eskainiz".
Urtez urte berritzeko aukera
Jakinarazi dutenez, 2025eko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean hitzarmena, eta urtez urte berritzeko aukera izango da. Gainera, bere ezarpena gainbegiratzeko eta helburuak behar bezala betetzen direla bermatzeko ebaluazio-batzorde bat jarriko da martxan.
Udal iturriek azaldu dutenez, hitzarmenaren helburua da medikamentuen erabilera eta kontrola hobetzea. Eta, horretarako, herriko bi farmazien lankidetza izango da. Hala, aipatu bi farmaziek, aurrerantzean, dosifikazio-sistema pertsonalizatuak (SPD) prestatuko dituzte etxez etxeko laguntza jasotzen duten edo gizarte-harrera zentroetan bizi diren pertsonentzat.
Funtzionamendua
Sistema horiei esker, onuradunek botikak modu ordenatuan eta seguruan hartu ahal izango dituzte, egunak eta ordutegiak jarraituz. Horrek, medikamentuak modu egokian banatu eta hartzea erraztuko du, bai hartzaileentzat, bai haien zaintzaileentzat ere.
Horrez gain, farmaziek medikuek agindutako tratamenduak berrikusiko dituzte arazo posibleak identifikatzeko, hala nola bikoiztasunak edo dosifikazio-erroreak. Gorabeherak antzemanez gero, gainera, farmazialariak medikuarekin harremanetan jarriko dira, tratamenduen eraginkortasuna eta segurtasuna hobetzeko egokitzapenak proposatzeko.
Era berean, farmaziek onuradunen etengabeko jarraipena egingo dute, medikamentuen erabilerari, tratamenduarekiko atxikimenduari eta pazientearen bilakaerari buruzko informazio garrantzitsua erregistratuz. Jarraipen hori hilero jakinaraziko zaio Farmazialarien Elkargoari, programaren ebaluazioa bermatzeko.