Ohiturari jarraituz, urtarrileko lehen larunbatean (urtarrilak 4) Zoro Feria edo Urte Berriko Azoka egingo dute Deban. 09:30ean irekiko ditu ateak Foruen Plazan eta inguruko kaleetan gauzatuko den azokak eta, bertan, baserriko produktuak erosteko aukera egongo da.
Azokaren giroa osatzeko, ganadu erakusketa eta artisautza postuak ere egongo dira ikusgai. 10:00etan zabalduko dute ganadu feria kioskoan, eta ondoren, herriko musika talde ezberdinak eta dantzariak ariko dira kaleak girotzen, "festarako giro aparta sortuz".
2.860 euro saritan
Azokaren baitan, gainera, fruta, barazki, ezti eta gazta sariketak ere egingo dira. Barazki eta fruta lehiaketarako postuak, esaterako, 07:00etan hasiko dira muntatzen eta 09:00etarako prest egon beharko dute, izan ere, ordu horretan igaroko baita epaimahaia. Parte-hartzaileek gutxienez 6 metroko postua eta lau produktu mota aurkeztu beharko dituzte.
1.250 euro banatuko dituzte saritan: lehenengoari 350 euroko saria emango diote; 300 eurokoa, bigarrenari; 250 eurokoa, hirugarrenari eta 200 eurokoa, laugarrenari. Postu onenari, gainera, 150 euroko saria emango diote.
Gazta lehiaketa, berriz, udaletxeko arkupeetan egingo da. Gaztagileek esne gordinez egindako eta gutxienez bi hilabetez heltze-prozesua izan duten Latxa edo Karrantzako ardi-gaztak aurkeztu ahal izango dituzte 10:00etatik 11:00etara.
1.100 euro banatuko dituzte saritan: lehenengoari 400 euroko saria emango diote; bigarrenari, 350 eurokoa eta hirugarrenari, 200 eurokoa. Saritu gabeko Debabarrenako lehen gazta, berriz, 150 eurorekin sarituko dute.
Bi ezti-poto
Era berean, Eskualdeko XVIII. Ezti Lehiaketa ere ospatuko da. Parte-hartzaileek eskualdean ekoiztutako eta berotu gabeko bi ezti-poto aurkeztu beharko dituzte. Postuak goizeko 9:00etarako prest egon beharko dute, eta irabazlea aukeratzeko garaian eztiaren aurkezpena, hezetasuna, usaina eta dastamena baloratuko dira. 510 euro banatuko dituzte saritan: lehenengoari 200 euroko saria banatuko diote; 180 eurokoa, bigarrenari eta 130 eurokoa hirugarrenari.
EGITARAUA:
- 09:00. Epaimahaiaren lanen hasiera.
- 10:00. Ganadu feria, kioskoan.
- 11:00. Kalejira Kalez Kale txistulari taldearekin.
- 11:30. Deba Musika Eskolako dantzarien emanaldia, Aldats pilotalekuan.
- 12:00. Trikitilarien kalejira.
- 12:30 Musika Bandarekin kalejira.
- 13:30. Urte Berri Azokako sari banaketa.