Gauean etxerik etxe opariak banatzen ibili aurretik, Deban geldiunea egiteko tartetxoa hartu dute Olentzerok eta Mari Domingik. Menditik jaitsi ondoren, 12:00ak inguruan heldu dira herrigunera. Txistulariekin, trikitilariekin eta haiekin batera etorri diren laguntzaileekin lagunduta, kalejiran iritsi dira Plaza Zaharrera.
Ordurako, zain zituzten dozenaka haur eta heldu, eta ohitura den bezala, kantuan eman diete ongi etorria. Gabonetako hainbat kantu ezagun abestu ondoren, kalejiran jarraitu dute, baina euria gehitu duenez, zuzenean Aldats pilotalekura abiatu da kalejira.
Etxeko txikienek gaurko bi protagonistak gertutik ikusteko astia ere izan dute. Behin haien aulkietan jarrita, Olentzerok eta Mari Domingik banan-banan jaso dituzte gerturatu zaizkienen gutunak, baita zenbait besarkada eta muxu ere.