Antolatzaileek iragarri dutenez, berritasunik agerikoena izenari dagokio. Izan ere, Manuel Mateos atleta zena gogoratzeko lasterketa herrikoia Herri Krosa deituko da aurrerantzean. Azaldu dutenez, Mateosen familiak hala eskatuta erabaki dute izena aldatzea.
Izena aldatu badiote ere, azpimarratu dute betiko “izaera herrikoi eta formatu bera” mantenduko duela 16 urte beteta dituzten korrikalariei zuzendutako probak. 11:30ean hasiko da 10 kilometro bueltako proba, eta azken urteetan bezala, Aldats pilotalekuaren paretik abiatuko da. Kirol probari “zirrara gehitzea” ere erabaki dute antolatzaileek, hori dela eta, ibilbidean zenbait aldaketa egitea espero dutela aurreratu dute.
Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. Herrikrosaren webgunean egin daiteke izen-ematea 15 euroren truke, eta dortsalik geratuz gero, egunean bertan ere eskuratu ahal izango dela azaldu dute.
Dena dela, gogora ekarri dute ez itxaroteko azken momentura arte, izan ere, probak 250 lagunentzako parte hartze muga du eta egunean bertan izena ematea ere askoz garestiago izango da. “Izena emateko web orria erabilgarri egongo da lasterketaren egunera arte; plataforma irekita egongo da proba hasi baino 30 minutu lehenago arte. Hori bai, parte hartzaileek, kasu horretan, 20 euro ordaindu beharko dituzte”.