Bitor Garitaonandia surflaria ezingo da entrenatu lau bat hilabetez

Berriketan 2025ko urt. 3a, 09:30

Osasun kontuak tarteko, debarrak atsedenaldi txiki bat hartu beharko du datozen hilabeteotan.

Izan ere, berriki ebakuntza egin diote aldaka batean, eta aurki beste ebakuntza bat egin beharko diote sudurrean. Garitaonandiak azaldu bezala, abenduaren 4an ezkerreko aldakatik operatu zuten Donostiako Poliklinikan. "Mokorraren mugimendua ahalbidetzen duen artikulazioa puskatuta neukan eta horrek min ematen zidan. Baina ondo nago, ebakuntza ongi joan zen eta arrakastatsua izan zen", zehaztu du.

Horrek eragindako etenaldia aprobetxatuz, arnasketa hobetzeko ebakuntza bat ere egingo diote laster, sudur-trenkada okertuta daukalako.

Atsedenaldiaren ondoren, apirilean txapelketetara itzultzeko itxaropena du. "Zorte apur batekin, Caparican (Portugal) egingo den probarako prest egotea espero dut".