Pilotu debarra iazko emaitza hobetzeko asmoz uretaratu zen Sumatrako Toba lakuan egin zen neurketan eta, helburua lortu ez zuen arren, pozik azaldu da. "Laugarren postua nuen begiz jota, baina seigarren izatea ez dago batere gaizki. Minik ez nuen hartu eta motorra ere osorik bueltatu zen etxera. Beraz, dena ondo joan zela esango nuke", laburbildu du.
Emaitzarekin konforme egon arren, sentsazio gazi-gozoekin itzuli dela aitortu du: "Txapelketa oso gorabeheratsua izan zen. Lehen jardunaldia ondo bideratu nuen eta, lehenengo bosten artean amaitu nuenez, bigarren egunean erasora jotzea erabaki nuen. Goizeko etapan bospasei pilotu elkarrekin iritsi ginen lehen buiara, eta istripu txiki bat izan nuen. Galdutako denbora hori berreskuratu nuen, baina istripuaren harira zigorra jarri zidaten eta, ondorioz, postu ugari egin nituen atzera. Azken egunean hobeto ibili nintzen eta horri esker lortu nuen sailkapen nagusian aurrera egitea eta txapelketa seigarren amaitzea. Arriskatu izan ez banu, uste dut emaitza hobea lor nezakeela".