Udaltzaingoaren bulego berria izango dena egokitzeko lanak "erritmo onean" doazela jakinarazi dute

Berriketan 2024ko abe. 23a, 10:30

Simon Berasaluze plazako 1. zenbakiko lokalean egiten ari diren berrikuntzari esker, Udaltzaingoak herritarrei "zerbitzu eraginkorragoa eta hurbilagoa" eskainiko diela azpimarratu du udalak.

Urriaren 28an hasitako lanek aurreikusitako martxa jarraitzen dutela eta, hala jarraituz gero, obra 2025eko lehen hiruhilekorako amaituta egotea espero dela jakinarazi du Debako Udalak. Tokiko erakundeak 358.193 euroko inbertsioa bideratu du berrikuntza lanetara eta, azpimarratu duenez, Udaltzaingoarentzat bulego eta espazio irisgarriagoa eta egungo beharretara egokitua sortzea da helburua. "Berrantolaketa-lanak irisgarritasuna eta funtzionalitatea ardatz hartuta diseinatu dira, eta azpiegitura egokiak eskainiko dituzte herritarren beharrak asetzeko".

Udaltzaingoaren egoitza berriak 150 metro koadro izango ditu eta hainbat espaziotan banatuta egongo da. Harrera gela, bulegoak, aldagelak, atseden-gela eta artxibo bat izango ditu, besteak beste. "Antolaketa honek eta instalazio berriek udaltzaingoaren gaitasun operatiboa indartuko dute, herritarrei zerbitzu eraginkorragoa eta hurbilagoa eskaintzeko, betiere debarren beharretara egokituta eta herritarren eguneroko bizi beharrei erantzunez".

Kokapen berean, gainera, Geoparkearentzako 99 metro koadroko espazio berri bat ere aurreikusten da. "Geoparkea Turismo bulegoaren baitan kokatu da orain arte, baina bulego berri hauen bitartez, bertara lekualdatuko du bere jarduna". Espazio berriak bilera-gelak, lan-eremuak eta atsedenlekuak izango ditu, lurraldearen kudeaketa eta sustapenerako baldintza egokiak bermatuz.