Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubak eta Debako Udalak antolatuta, larunbatean (abenduak 14) jokatu zituzten lehen eta bigarren mailei zegozkien finalak. Ohi bezala, finalistei eta epaileei egiten zaien agurra agurra dantzatuz hasi zuten jardunaldia.
Ondoren, bigarren mailako irabazleak erabakitzeko finalarekin jarraitu zuen pilota jaialdiak. Emozio handiko neurketa jokatu ostean, Monika Salegi eta Irati Albizu ama-alaba debarrek lortu zuten garaipena; lau tantoko aldea (22-18) atera zieten Onintza Caramanzana eta Oihana Lazkano debarrei.
Jarraian, eta lehen mailako finala jokatu behar zuten bi bikoteak berotu bitartean, Euskeraz Bagera zikloaren barruan antolatutako Euskararen aldeko pilotakada egin zuten. "Ikusle askok parte hartu zen jolasean, eta guztia amaituta, hiru irabazle izan genituen".
Azkenik, lehen mailako finalari ekin zioten. 22-12 irabazita, Eneritz eta Naiara Mitxelena ahizpa oiartzuarrek jantzi zuten txapela; erraz gailendu ziren Karmele Martinez eta Haizea Goikoetxea zarauztarren aurka.
Eguna talde argazkia atereaz eta bazkari batekin amaitu zuten, baina aurretik, sari banaketa eta bazkideen arteko zozketa egin zituzten. Maite Etxeberria sari berezia, esaterako, Arrate De Marcosek jaso du aurten. "Urtero eman du izena txapelketa eta, hain zuzen ere, urtez urte erakutsi duen gogo, ilusio eta energiagatik eman diogu saria. Parte-hartzeaz haratago, bere jarraikortasuna, bere gogoa eta inoiz falta ez duen irribarre hori aitortu nahi izan dizkiogu eta, nola ez, bere jarrera positiboa eta lehiakortasun nekaezina". Bazkideen artean zozkatu zuten zuten saskia, berriz, Idoia Arrilagari egokitu zitzaion.
Hirugarren eta laugarren postuak
Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidak, aldiz, ostegunean (abenduaren 12) jokatu zituzten. Lehen mailan, Yoli Mateosek eta Idoia Arrillagak osatutako bikoak irabazi zuen; 22-10 amaitu zuten Maite Mugartegiren eta Eva Ibarrolaren aurkako norgehiagoka.
Bigarren mailan, aldiz, Amaia eta Maitane Furones bikiak nagusitu ziren; 22-14 emaitzarekin menderatu zituzten Maider Blasco eta Nerea Blascoren ordezko lanetan aritu zen Ainitze Agirrezabala.