Atzo (abenduaren 15ean) egin zen aurkezpena. Bertan azaldu bezala, epe luzerako proiektua da, hamar urteko epean gauzatzekoa, eta herrian zein herritarren artean euskararen erabilera eta zabalkundea sustatzen eta indartzen jarraitzea du helburu. Izan ere, azken 30 urteetan, udalerriko euskaldunen ehunekoaren balio orokorra egonkor mantendu den arren, beheranzko joera antzeman da lehen hizkuntzaren transmisioan (12 puntu gutxiago), baita etxeko erabileran ere (7 puntu gutxiago) eta kaleko euskararen erabilerak 2 puntu egin du behera.
Horiek hala, Euskararen Plan Estrategikoaren bitartez, datozen hamar urteetan Deban euskararen biziraupena eta zabalkundea bermatzeko hobekuntza-arloak eta beharrezko ekintzak identifikatu nahi izan ditu udalak, euskararen erabilera udalerriko arlo eta eremu guztietan sustatzeko.
Sei arlo nagusi
Euskararen Plan Estrategikoa atal desberdinetan banatuta dago eta hainbat esku-hartze arlo jorratzen ditu, hala nola familia (etxean euskararen transmisioa sustatzeko), eskola edo hezkuntza (euskara ikasgeletan eta eskola-bizitzan sustatzeko), aisia (aisialdiko jardueretan euskararen erabilera handitzeko), kirola (euskara kirol jarduera guztietan integratzeko), kultura (euskal kultura sustatzeko eta euskaraz egiten dela bermatzeko)eta sentsibilizazioa (euskararen garrantziaren kontzientzia indartzeko). Aipatutako multzo bakoitzak datozen hamar urteetan inplementatuko diren helburu eta ekintza zehatzak jasotzen ditu, "herritar guztien artean erabilera sustatzeko".
Planari buruzko xehetasun gehiagorako udalaren webgunera jo dezakete herritarrek.