Abenduaren 23an, 17:00etatik aurrera, Xake Festa izango da Agirre jauregiko Ispiluen gelan. 16 urte edo gutxiago dituzten gazteek eta nerabeek parte hartu ahal izango dute bertan, eta beharrezkoa da aurrez izena ematea; osteguna (abenduak 19) da horretarako azken eguna. Turismo bulegoan egin daiteke izen-ematea edo, nahiago izanez gero, Internet bidez ere bideratu daitezke eskaerak, honako estekan sartuta.
Joko sistemari dagokionean, txapelketa suitzar formatuan jokatuko dela iragarri dute. Zehazki, sei txanda egingo dituzte, 10 minutuko finish partida azkarretan. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, lehiaketa dibertigarria eskaintzea da helburua, alegia, gazteek, hasiberriek eta esperientzia handiagoko jokalariek beren trebetasuna erakustea, xakeaz gozatzen duten bitartean.