Tokiko merkataritza eta ostalaritza indartzeko helburuarekin, diruz lagundutako erosketa bonuen kanpaina berria jarriko du abian udalak datorren ostegunean (abenduak 19). Tokiko erakundetik jakinarazi dutenez, bezperan (abenduak 18) argitaratuko dute parte hartuko duten establezimenduen zerrenda, baita erosketari eta funtzionamenduari buruzko hainbat xehetasun ere.
Bien bitartean, herriko establezimenduek bertara atxikitzeko aukera zabalik dutela iragarri dute. Interesa duten negozioek udalaren webgunean dagoen eskabide-orria bete eta turismo bulegoan aurkeztu beharko dute; abenduaren 16a da horretarako azken eguna.
Ohartarazi dutenez, gehienez ere hamar langile dituzten merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreko denda, zerbitzu eta negozioek parte hartu ahal izango dute. "Kanpainatik kanpo gelditzen dira azalera handiko establezimenduak, frankiziak, gasolindegiak eta jokoari lotutako negozioak".